Iruñeko Udalaren Turismo-ataria

Días que faltan para San Fermín

Sanferminak
Uztailak 6 - 14

Gero eta gutxiago falta da

  1. Hasi
  2. Entzierroa
  3. Entzierroa

Intereseko lekuak

Hautatu aukeretako bat, mapan ikusteko

Mapara joan

Entzierroa

Erabiltzaileen balorazioa:

Baloratu

Entzierroa dugu, liturgia alde batera utzita, Sanferminen ekitaldirik nagusia; berak eman du ezagutzera bost kontinenteetan Iruñearen irudia. Izan ere, planetako txoko guztietan izan dute Iruñearen berri, bertan jendeak korrika egiten duelako kalean barna zezenen aurrean. Entzierroa telebistatik zuzenean eskaintzeak handiagotu egin du mitoa, eta, horren ondorioz, lasterkariak era arriskutsuan masifikatu dira.

Suziri berriemaileak

Lau dira, eta korrikalarien segurtasuna, neurri batean, horiek behar bezala eta behar den orduan jaurtitzearen pean dago. Lehendabizikoa San Zernin elizako ordulariak 8ak jotzen dituenean pizten da. Orduantxe irekitzen dute eskortetako atea eta erretiratzen dira udaltzainek korrikalariei eusteko osatutako hesiak. Bigarrenak zezen guztiak eskortatik atera direla adierazten digu; hirugarrenak, zezenak eta joaldunak zezen-plazara iritsi direla, eta laugarrenak, zezen-taldea jadanik eskortetara sartua dela. Entzierroak beti eguzki-ordu berean korritu dira. 1924. urtera bitarte goizeko 6:00etan korritu ziren; ordutik 1973. urtera arte, 7:00etan, eta 1974. urteaz geroztik, 8:00etan, betiere ordutegi ofizialean egindako aldaketen arabera.

Kantuak, horma-hobiko irudiari

Iruindarrek babesa eskatzen diote Santuari, lasterka hasi baino minutu batzuk lehenago. Egunkaria eskuan dutela kantatzen diote, Santo Domingo aldaparen hasieran dagoen horma-hobiaren aitzinean. Hiru aldiz kantatzen diote (7:55, 7:57 eta 7:59an), ondoko letra: “A San Fermín pedimos,/por ser nuestro Patrón,/ nos guíe en el Encierro/dándonos su bendición. Bukatzeko “Viva San Fermín!, Gora San Fermín!” oihukatzen dute. Hauxe da unerik zirraragarrienetakoa.

Hesia

1776. urtean paratu zuten lehen aldiz, entzierroaren ibilbidea zedarritzeko; itxitura hau da, hain zuzen, segurtasun-hesirik garrantzitsuena. Izei egurrez egindakoa da, eta ondokoek osatzen dute: 1.800 ohol, 40 ate, 590 zutoin, 200 latesi, 2.400 palka eta 2.000 torloju. Urte bakoitzeko 20 ohol aldatzen dira, narriatuta daudelako.

Egunkaria

Lasterkari gehienek egunkari bat kiribildu eta erabiltzen dute, zezenekin distantziak gordetzeko, eta, behar izanez gero, deitzeko.

Zezen-taldea

Entzierroa arratsaldean toreatuko dituzten sei zezenek eta bi joaldun-taldek korritzen dute. Joaldunak erraz ezagutzen dira eramaten duten joarearengatik. Zezenekin batera zortzi joaldun doaz lasterka. Beste hiru gehiago bi minutu geroago ateratzen dira, erratz-auto gisara.

Tarteak

1. Santo Domingo. 280 metro. Eskortetatik Udaletxe plazara bitarte. Aldapa gora oso pikoa da. Zezenek batera egin ohi dute korrika. Tarte hau gogor eta arriskutsuenetakoa da, batik bat bukaeran Udaletxe plazara sartzen direnean.

2. Udaletxe plaza-Mercaderes. 100 metro. Tarte hau arrisku gutxien dutenetakoa da; nahiz eta teknikoki konplikatuena izan, bihurgune bikoitza duelako. Korrikalariendako erosoagoa da, bertan, espazioa zabalagoa izaki, korrika egiten ahal dutelako. Tarte honetan, bestalde, babesleku asko daude.

3. Estafetako bihurgunea. Estafeta kalearen hasieran 90 graduko bihurgunea dago, eskuin aldera; hori horrela, zezenek irrist egin eta kanpoko hesiaren kontra jotzen dute. Korrikalariek angelu motzetik hartu behar dute bihurgunea, ez badute harrapatzerik nahi.

4. Estafeta-Xabier jaitsiera. % 2ko pendiente txikia. Luze eta estua da; tarte honetan jende askok egiten du korrika. Hemen atarietan baino ezin da inon babes hartu.

5. Xabier jaitsiera-Telefónica. Zezenek dezente polikiago egiten dute lasterka. Baliteke zezenen bat taldetik aldendu eta bakarrik ibiltzea. Horrek arriskugarri egiten du tarte hau.

6. Telefónica. 100 metro eskas, non inbutu baten amaiera islatzen baita, egurrezko hesi bikoitza batek zedarriturik. Nekeak are gehiago moteltzen du lasterketa, eta horrek zezenak elkarrengandik aldentzea eragiten ahal du, egoera benetan arriskugarria sortuz. Dibinoek eta eskarmenturik gabeko askok toki hau hautatzen dute korrika egiteko.

7. Kailejoia. Tarte honek beherantza egiten du, inbutu baten gisara, Zezen-plazaraino. Toki hau beldurgarria da, bertan korrikalarien pilaketak gertatzen ahal direlako.

8. Zezen-plaza. Zezenei erdi-erdian bidea libre uzten zaie, haiengandik tiraka joaldunak datoz, eta gero, gidari lanetan, kapadunak. Tarte honetan gero eta ugariago dira eskarmenturik gabeko korrikalariak eta oiesak -ezer baino gehiago nabarmendu nahian ari direnak-, eta horrek arriskutsu bilakatu du berez arriskurik ez duen tarte hau.

Entzierroa nondik ikusi

Kalean: Bigarren hesira, hau da, kanpokora, sar zaitezke, baina horretarako entzierroa hasi baino gutxienez 90 minutu lehenago egon behar duzu bertan. Halako tokiak doan dira, eta jende askok nahi ditu lortu.

Zezen-plazan: Ez dago arazorik tokia hartzeko. 4 euro ordaindu behar dira, armailetan eta goiko armailetan; tendiduan doan da. Asteburuetan 5 euro ordaindu behar dira, eserleku guztietan. Entzierroa iritsi bitarte, Iruña banda aritzen da itxaronaldia alaitzen. Gero, bigantxen ikuskizunaz gozatu daiteke bertan.

Balkoietan: Balkoiak alokatu egiten dira, eguneko 20 edo 30 euroren truke.

Telebistan: 12 kamerak ematen dute entzierroa egunero zuzenean; hortaz, estaldura ezin hobea da.

Entzierroa kopuruetan

Ordua: 8:00

Datak: Uztailak 7 - 14

Ibilbidea: 848,6 metro. Santo Domingo, Udaletxe plaza, Mercaderes, Estafeta eta Zezen-plaza.

Iraupena, batez beste: 3 min. eta 55 seg.

Zezenen abiadura: 24 km/h

Entzierrorik luzeena: 30 minutu (1959ko uztailaren 11). Izan ere, miura bat atzean gelditu zen; azkenean txakur bat atera behar izan zuten zezenari kosk egin eta eskortetan sar zezan.

Entzierrorik tragikoena: 1947ko uztailaren 10ekoa eta 1980ko uztailaren 13koa. Semillerok (Urquijo) eta Antioquíok (Guardiola), hurrenez hurren, bina korrikalari harrapatu eta hil zituzten.

Lasterkarien kopurua: 2.000, egun arrunt batean, eta ia 3.500, asteburuetan.

Ganadutegirik arriskutsuena: Guardiola Fantoni. Korrikalari bat hil zuen 1969an, eta bi, 1980an.

Zauritu-kopurua, urte bakoitzeko: 200 eta 300 artean. Horietatik % 3 bakarrik larri.

Egizu orri honen gaineko balorazioa?
Nos interesa tu opnión.